Para seguirnos, acude a la nueva web:

2009/09/14

Euskal Herriko Dantzari Eguna 2009


Dantzari Egun Osoa
Egunak hodeitsu argitu badu ere, 11:30etarako eguzkia izan dugu Atarrabiako ortzian jaun eta jabe. Orduan hasi dira jatorrizko taldeak dantzan. Iadanik jendea gerturatua zen Udal enparantzara artisau azokari begiradatxo bat ematera, baina txistu doinuek jendea karpara gerturatu dute. Iribas, Izaba, Leitza eta Berako dantzek ederki alaitu dute dantza protagonista izan den eguna. Honen ondoan, bazkaria izan dute taldeek, eta batek baino gehiagok berriz jantzi behar izan du dantzarako trajea, izan ere, arratsaldean ekitaldi nagusia izan baita. Euskal Herriko probintzi ezberdinak ordezkatzeko 700 dantzari inguru bildu dira Indurain Anaiak polikiroldegian. Guziak elkarrekin Udal enparantzara abiatu dira 17:30ak pasatxo zirelarik eta bertan, tradizioari jarraiki, Agintariarena dantzatu dute Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroako taldeek. Udaletik kendu bazuten ere, gaur hamaika ikurrinek estali dute ortzia. Horren aitzinetik, ordea, aurreskua dantzatu zaie dantzariei.
 Honen ondotik etorri dira herrialde guzietako dantzak, Nafarroak Agoitzeko txokolatearen jota dantzatu du hasteko, ondoren Araba (lehen eta azken aurreko postuan dantzatu duena), Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Zuberoaren txanda izan da. Enparantzan aunitz ziren detailerik galdu nahi ez zutenak eta adi-adi izan dira Euskal Herriko probintzia ezberdinetako dantzei so. Zuriz jantzirik ederki ibili dira Bizkaiako taldeak, dotore Zuberoa, bizi-bizi Lapurdi, maisuki Gipuzkoa eta alai Araba. Ekitaldi nagusiaren hondarrean Nafarroak hartu du berriz txanda bizitasun eta indar handiz Korteseko dantzak plazaratzeko. Txalo zaparrada handi batekin joan dira dantzariak, baina izanen zuten aukerarik azkenekoz dantzatzeko, izan ere, dultzaineroen doinuek Larraindantza dantzatzera gonbidatu baitituzte dantzari zein ikusleak.
Ekitaldi nagusia akiturik, materialak bildu eta dutxa hartzeko parada izan dute dantzariek eta gero afaria izan dute talde guziek elkarrekin. Ardoa eta kanta falta izan ez diren afariari Trikidantzen emanaldia jarraiki dio, goizaldeko 4ak arte luzatu dena. Bada parranda jarraitu duenik eta 5etan oraindik Udal enparantzan baziren etxera joan ez zutenak kantu eta dantzan.


Aurtengoz hori izan da dena, heldu den urtean Iparraldera jo beharko dute lurralde guzietako dantzariek. Lerro hauetan ez dugu inor ahantzi nahi, beraz, eskerrak eman nahi dizkiogu bai Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrari baita Atarrabiako Mikelats dantza taldeari, haien lan handiaren emaitza izan baita aurtengo dantzari egun handia. ZORIONAK!


Berriak:


No hay comentarios:

Publicar un comentario